Euskadi Industria Ondarea
Eibar
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren bonbardatua izan ondoren ia osorik berreraikia, Eibarren ezaugarri nagusia dira altueran kokatutako tailer txikien ugaritasuna, tamaina handiagoko tailerrekin batera, sare trinko eta konpaktuan. Kontsumo-ondasun ezin askotarikoagoak (bizikletak, josteko makinak, etxetresna elektriko txikiak, idazmahaiko objektuak…) ekoiztera dedikatutako industriak aterpetzen dituzten arkitekturen panorama zabal bat.
Txonta: industria-ehun oso berezia
Gaur egun sinestezina badirudi ere, XX. mendearen hasieran landa-eremuko auzoa zen Txonta, etxe bakartu batzuk baino ez zituena, erreka txiki batek zeharkatua, izena ematen dion bera. Haren ertzean, errekaren desnibela baliatuz ehoketarako behar zen indarra eskuratzeko aparatu gutxi batzuk zeuden. Haien ondoan beste instalazio hidrauliko batzuk eraiki ziren, modernoagoak, uraren indarra baliatzen zutenak, ez ehotzeko, argindarra sortzeko baizik.
Hartatik guztitik, baserrietatik, errotetatik eta zentraletatik, Gárate, Anitua y Compañía – GAC enpresaren zentral elektrikoa baino ez da geratzen, enpresak 1925ean sortu zuen fabrika enblematikoarentzako argindarra ekoizten zuena. Denborak aurrera egin ahala, udal ordenantzek Txontan eraikitzeko eta erreka estaltzeko baimena eman zuten, eta auzoa hormigoi armatuzko eraikin berriz bete zen, solairutan banatutakoak, erabilgarri zegoen zoru urria ahalik eta gehien baliatzeko. 1930eko hamarkadan, inguru hau hain betea zegoen fabrikaz, tailerrez eta etxez, non ezinezkoa zen zoru zatirik txikiena ere okupatzea. Hain zuzen ere, autobideko zutoinak eraikitzeko –Txontako V ospetsua– Ferrovial enpresak teknika berri bat probatu behar izan zuen haiek bertikalean eraikitzeko, ahalik eta azalera txikiena hartuz, eta gero haiek banatu goialdean, zubibidearen taulari eusteko behar zen irekiduraraino iristeko.