Olave, Solozabal y Cía. – Manufacturas “El Casco”

Ikonoak bulegoan 1920az geroztik

Herritarrek “perretxikoa” deitua, El Cascoko grapagailuak mundu osora zabaldu zituen Olave, Solozabal y Cª enpresaren izena; hasieran errebolber kulunkariak fabrikatzera dedikatu zen enpresa, Txontan zeuzkan tailerretan. Baina armagintzak 1920an izan zuen krisiak ekoizpenarentzako irtenbidea idazmahaiko artikuluetan bilatzera behartu zuen.

Hala sortu zuten M-15 “paper-joskile” modeloa, bere silueta tipikoarekin eta distira nikeleztatuarekin mundu erdiko idazmahaiak kolonizatu zituen grapagailua.

Gerra Zibilaren ondoren ekoizpen berria sendoturik, Txontatik eraikin berri batera aldatu ziren, Raimundo Alberdi arkitektoak 1938an diseinatua. Lehen eraikin horri handitze batzuk gehitzen joan zitzaizkion 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, harik eta bere garapen arkitektonikora iritsi arte, 10.000 metro koadroko espazio batekin. Horrez gain, fabrika industria-eraikin bat baino askoz gehiago izan zen, bazkideen eta lan egiten zutenen familientzako etxebizitzak ere izan baitzituen.

Arkitekturaren ikuspegitik, industria-eraikina da bete-betean, oso funtzionala, eta bao handi leihoburudunak nabarmentzen dira, hormaren mihisea ia guztiz urratuz. Baina ez du alde batera uzten dekoraziorik landuena ere, sarrera nagusiko atearen azpaduran, oso molduratua, eta ateburuan ebakitako plakan, non fabrikaren marka egon zen, hainbesteko ospea eman dion “kaskoa”.