Nazioarteko girgiluak

 

Enpresa hau 1918an sortu zuten Carlos Larrañagak eta Domingo Elorzak, suzko arma laburren fabrikazioan hasita; gero, 1921etik aurrera, girgiluak ere fabrikatzen hasi ziren, eta gaur egun girgiluak baino ez ditu fabrikatzen enpresak.

Hasieran Ardanza kalean ezarri zen enpresa, gero Jardiñeta kalean eta aurrerago, 1956az geroztik, Ramón Martiarena Lascurain arkitektoak Barrena kalearen eta Bilbo-Donostia trenbidearen artean diseinatu zuen eraikin berrian. Eraikin hori altxatzeko Ego ibaia partzialki estali behar izan zen, hamarkada batzuk lehenagotik Eibarren ezaugarri zen urbanismoa egiteko moduari jarraipena emanez.

Lau angeluko oinplanoa duen eraikina da, hormigoi armatuzkoa, material horretan egindako habeekin eta forjaketekin lau angeluko euskarrien gainean, horiek ere hormigoizkoak, fatxadan diseinatuak, eta adreilu luzituko itxierekin. Estalkia planoa da eta ur-xaflak ditu bi gorputzetan. Haren angeluetako bat alaka biribilduan amaitzen da, hain zuzen ere multzoaren gainerakoa baino altuera eta presentzia arkitektoniko handiagoko gorputz bat; enpresaren bulegoak kokatu ziren han.

Tailerraren gunea altuera bakarrekoa da, horizontaltasuna du ezaugarri, eta baita leihoa harresiari nagusitzen zaiola ere.

Kanpoaldea harriz estalitako zokalo batek zeharkatzen du, tamaina irregularreko aparejuarekin eta forma angeluzuzen aldakorrekin, oso ohikoa Ramón Martiarenaren proiektuetan. ndustriarekin lotutako beren irudiarengatik nabarmentzen dira Barrena kaleko fatxadako baoak, ardatz horizontalekoak eta dimentsio handikoak; haien gainean, enpresaren izena ageri da, eta eskailera-kutxari dagozkion zenbakiak, ezkerraldeko fatxadan, zeina ardatz bertikalekoa den.

Gaur egun, eraikina hutsik dago enpresa Elgoibarko industrialde batera aldatu denez geroztik.