Industria-bitxi bat
Tailer-etxe kasurik onena eta bakarra da Eibarren.
Horrez gain, barnealdean XX. mendearen hasierako makineria guztia dauka, energia hidraulikoaren bidez egindako polea eta barreria sistema baten bidez mugitua. Makinaz osatutako bi lerro paralelo, zeintzuetan harri-zulatzaile kanoidunak, zurruntzaileak, zuzentzaileak, leuntzaileak… aurkitzen ditugun, hori guztia leihate handiko industria-eraikin apal baten barruan eta Ego ibaiaren ondoan.
Hain zuzen ere, makina multzo honen osotasunari eusteko, monumentu izendatu zuten 2015ean.
Zamacola Tailer Etxea
Ondare higigarria
Zamacola tailerreko lantokia jabearen etxearen beheko aldean dago, sarbidea baino beherago.
Gune heze eta ez oso argitsu horretan, kanoiak zulatzen ziren; horiek egiteko, aldez aurretik nahi zen luzeran moztutako sekzio biribileko altzairu trinkoko barrak erabiltzen zituzten. Horretarako, makina ugari erabiltzen ziren, indar hidraulikoaz mugiaraziak, bai eta entokaduraz eta poleaz egindako transmisio-sistema oso bat ere.
Zuzentzeko makinak edo tornuak
Zuzentzeko makinarekin kanoia artezteko lana egiten zen, kanoiaren kalibrea eta lodiera zehatz-mehatz torneatuz. Tailer honetan tornu unibertsal bat eta kanpoalderako lau tornu daude.
Tentetzeko makina
Tailerrean kokatutako makina honek beti argi naturaleko iturri batera begira egon behar zuen, leiho batera, adibidez, kanoiaren desbiderapenak kontrolatu ahal izateko, zeinak mailu txiki baten laguntzaz artezten ziren.
Eibarko Armagintzaren Museoan tailer honetako beste tentetzeko makina bat dago.
Poleak eta entokadurak
Ura Ego ibaiaren ibilguan biltzen zuten, desagertuta dagoen ur-errota baten bidez. Errotak ura ubide batetik –142,5 metroko luzera eta bi eta lau metro arteko zabalera aldakorrekoa zen eta lurpeko azken tartea kontserbatzen da– eramaten zuen kargatzeko andeleraino, tailer honen ondoan erantsita dagoen eta gaur egun garajea den gune baten azpira. Ura parrilladura batetik igarotzen zen eta gurpil horizontal bat birarazten zuen, mugimendua ardatz batera transmititzeko. Horrek ardatz horizontal nagusia mugitzen zuen. Ardatzak tailerraren sabai osoa zeharkatzen du eta egurrezko poleak ditu, larruzko transmisio-uhalen bidez makinetara konektatuta. Gerora, energia hidraulikoaren ordez motor elektriko bat erabiltzen hasi ziren, eta hori ere kontserbatzen da, baita martxa-kontrolak ere: makinaren abiadura aldatzea ahalbidetzen zuten palanka batzuk.
Sutegiko gunean ere entokadura bat kontserbatzen da, zeinak, lantegiko transmisio-ardatzari lotuta, gaur egun desagertuta dagoen esmeril-harri handi bati eragiten zion.