Arkitektura ezkutua

Fundiciones Aurrera enpresaren antzinako instalazioak erabilera berrietarako baliatu dira, eta haren itxura erabat berritu da 1990eko hamarkadan. Haren arkitektura, 1942an altxatua Raimundo Alberdi arkitektoaren proiektuari jarraituz, merezita laudatu izan da lerro geometriko aratzeko funtzionalismoaren adibide interesgarri moduan; estetikoki oso interesgarria den ebazpena dauka, enpresako bulegoak eraikinaren alaka makurrean kokatuta, Bidebarrieta eta Urtzaile kaleen elkargunean.
Baina eraikin honek alakaren ebazpen interesgarri bat baino askoz gehiago ezkutatzen du.

Ez alferrik Aurrera Eibarko industriako fundiziorik garrantzitsuenetako bat izan zen, 1833an sortua, eta XX. mendearen hasierarako burdin xaflagarriko 100.000 kilogramo pieza ekoizteko ahalmena zeukan.

Raimundo Alberdik 1940ean diseinatutakoa ez ziren bulegoak, burdin materialak ekoiztera dedikatutako fabrika bat baizik. Eta egitura horiek dira, gure ikusmenari ezkutatuak eta etxadiaren barruan nahasiak, beren eraikuntza-sinpletasunarekin eta kezka formal are txikiagoarekin, gaur egun Bidebarrieta kaletik ikusten dugun arkitekturari zentzua ematen diotenak.