Bizikletak baino gehiago
Beistegui Hermanos enpresa (beste batzuekin batera, hala nola Orbea eta GAC) Eibarko industriaren gainditze eta berritze espirituaren ordezkari da.
Armagintzako tailer txikitik hasita, zeina errebolberrak fabrikatzen hasi zen 1913an, bizikleta-fabrika oparoraino –zeinaren marka, BH, oraindik ere ezaguna den–, enpresa hau Eibarko industriak XX. mendean zehar izandako eraldaketa sakonaren adibide da. Esan baitaiteke leku honetan, hain zuzen ere, Urkizu eta Bittor Sarasketa bitartean, hasi zirela entzuten 1926an dagoeneko armagintza soilekoa ez zen fabrikazio baten hotsak: bizikleten fabrikazioarenak.
Enpresak izandako eraldaketa nabarmena izan zen haren arkitekturan ere, zeina 1926 urtean berean solairu bakarreko tailer txiki batena izatetik hormigoi armatuzko eraikin sendo honena izatera iragan zen, Fernando Zumarraga obra-maisuak diseinatua, eta zeinaren bertute handiena moldakortasuna den, Eibarko industria-arkitektura guztiaren ezaugarri dena bestalde.
Bere diseinu eta kontzepzio berezien ondorioz gaur egun berrerabili ahal izan da, eta haren instalazioak tailer eta biltegi izateko birmoldatu dira, Eibarren industria-ondarearen bizitza berri bat erakusten duten erabilera berriekin. Enpresak beste eraikin bat izan zuen, gaur egun etxebizitza multzo bihurtua, 1950eko hamarkadako arkitekturaren adibide ona.