Industria-kolonia garrantzitsua
Enpresa honen jatorrizko data 1878 da; orduan, Enrique de la Quadra-Salcedok, irin-errota zahar batetik abiatuta, beste erabilera bat eman zion aparatu hidrauliko hari, eta zigarroak biltzeko papera eskuz egitera dedikatu zuen. La Carolina izan zuen jatorrizko izena, haren ama Carolina Zabálburu e Ybarraren omenez.
Fabrika hau Papelera del Cadagua izango zena 1892an sortzeko oinarria izan zen; 1901ean Papelera Española izena hartuko zuen.
Enpresa modernizatu egin zen laster, eta, gerra zibilaren ondorena arte erretzeko papera fabrikatzen jarraitu bazuten ere, paperean, kartoian, kartoi meheetan eta kraft papereko zakuetan espezializatu ziren, hainbat markarekin komertzializatuak eta batez ere atzerriko merkatuan salduak. Hain ekoizpen anitzak azpiegitura egokiak eskatzen zituen; horregatik, jatorrizko eraikin batzuk kontserbatzen badira ere, gaur egun ikusten dugun multzoa 1950eko eta 1960ko hamarkadetan altxatutako arkitekturek osatzen dute, geroko handitze batzuekin batera. Bere historian zehar, Arangurengo fabrikaren ustiapena hainbat enpresaren eskuetatik igaro da, hala nola Kimberly Clark, Smurfit eta Patsguren; gaur egun instalazioen zati batzuk Glefaran enpresak erabiltzen ditu; energia berriztagarrien ekoizpenera dedikatutako enpresa da.
Gizarte arloa ere oso garrantzitsua izan zen: fabrikak eskolak ere izan zituen han lan egiten zutenen seme-alabentzat, baita sorospen etxea, ekonomatua eta etxebizitzak ere.
Etxebizitzetako batzuk Gueñesen altxatu ziren, beste batzuk Zallan. Gueñeskoek, Sociedad Cooperativa Unión deitutakoek, baratzea zeukaten atzealdean, eta lorategirako gune txiki bat ere bai; 1927an eraiki ziren, Faustino de Basterra arkitektoaren eskutik. Monumentu izendatu zituzten 2012an. Egile berak egin zuen Zallako langileentzako etxebizitza multzorako proiektua ere, Cooperativa El Cadagua deitutako etxeena.