Parekorik gabeko alea

La Galana 1892an Francisco Berriozabal obra-maisuaren proiektu bati jarraituz eraikitako auzo-etxea da, langile klaseko pertsonei ostatu emateko sortua. Tamaina txikiko etxebizitzak diseinatu zituen Berriozabalek (50 metro karratu gutxi gorabehera), egongelarekin, sukaldearekin eta aireztapenik zein argiztapen zuzenik gabeko barruko bi edo hiru logelarekin, kanpoaldeko korridorera zabaltzen zen logela bakar baten kasuan salbu. Geletako bat komuna zen: hartan, zurezko ohol batek estalitako eserleku bat zegoen, zulo bat zeukana, eta komunarena egiteko erabiltzen zen.

Era honetako etxeak, langileentzako barrakoien eta blokeetako etxebizitza tradizionalen tartekoak, kanpoaldeko korridoreak zituzten ezaugarri nagusi; korridore horiek fatxada nagusi osoa zeharkatzen zuten, balkoi korritu luzeen moduan, eta haietatik etxebizitza guztietara sar zitekeen.

Nahiko ohikoak izan ziren Bizkaian XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, batez ere Sestao, Barakaldo eta gisako udalerrietan, hau da, garai hartan biztanleria gero eta handiagoa zutenetan.

La Galana Euskal Herrian kontserbatzen den ezaugarri hauetako ale arkitektoniko bakarra da eta, horregatik, monumentu izendatu zuten 2012an.