Lehen kooperatiba Gipuzkoan

Fagor Arrasate Gipuzkoako lehen kooperatiba da, 1957ko ekainaren 14an sortua, José M.ª Arizmendiarrieta apaizaren eraginpean; hura izan zen mugimendu kooperatibistaren eta Arrasate-Mondragón Lanbide Heziketako Eskolaren alma materra Gipuzkoan. Enpresaren sortzaileak, hain zuzen ere, Lanbide Heziketako Eskola horretan ikasitako hamabi bazkide izan ziren; Talleres de Arrasate Cooperativa Industrial (TACI) sortu zuten, gaur egungo Fagor Arrasateren jatorria.

Hainbat jardueratan aritu zen lehen urteetan. ULGOR enpresarekin lankidetzan (kooperatibismoaren beste aitzindari bat, hori ere Arrasaten jaioa, 1959an, eta Fagor Electrodomésticos-en jatorria izango zena), 10 litroko ur-berogailuetarako gorputzak saltzera dedikatu zen. Baina, batez ere, trokelak eta makineria saltzen eta fabrikatzen espezializatu zen. Hain zuzen ere, makina-erremintako ekoizpena izango zen haren jarduera nagusia 1967az geroztik.

TACI marka merkatuko garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen horrela, eta enpresak instalazioak handitu behar izan zituen laster; 1972an eraikin berria altxatu zuen Bizkaiko Markina-Xemein herrian.

Gaur egun, enpresaren hazkundeari eta eboluzioari arrastoa perfekzio osoz segitzea ahalbidetzen duen eraikin multzo batek osatzen du Arrasateko fabrika, lehendabiziko eraikina nabarmentzen delarik, 1960ko hamarkadaren hasieran eraikia, kooperatiba hasiberriari oso komenigarriak zitzaizkion funtzionaltasun eta ekonomia printzipioei jarraituz.

Arreta berezia eman zitzaion fabrikaren barneko argiztapenari, leihoak ezarriz alde guztietan. Bao horiek, ardatz horizontaleko formatu angeluzuzenekoak, bertikalki troxatuta daude multzoaren gehiegizko horizontaltasunarekin kontrastea egiten duten hormigoizko forjaketen bidez, eta bistako adreiluzko kosken gainean atzealdeko fatxadan. Eraikuntza funtzionalaren adibide ona da; solairuen barneko argitasunari aldaketarik gabe eusten zaio, hormigoizko zutabeak baliatuz zubi-garabiak ezartzeko, eta horrekin lanaren eta ekoizpen prozesuaren banaketa arrazionala lortuz, funtsezko ezaugarria industria-arkitekturan.