Euskadiko Industria Ondarea
Soraluze-Placencia de las Armas
Herri honen historia ezin da bereizi armagintzatik; ez alferrik izan zen XV. mendeaz geroztik Placencia de las Armas deitua. Jarduera hori udalerriaren nortasunaren ikur izango da: inguru honetan, ezin konta ahala eskulangintzako tailer egon zen armak fabrikatzera dedikatuta. Gremioko ordenantzei jarraituz araututako establezimendu multzo hori Real Fábrica de Armas izatera iritsi zen 1573tik aurrera, eta espainiar koroako armadak fusilez, pistolez, karabinez, eskopetez, baionetez, ezpatez eta sablez hornitu zituen.
XIX. mendearen erdialdetik aurrera, gremioen sistema desagertu zenean, dena aldatu zen: armak ekoiztera dedikatzen ziren enpresa pribatuak ezarri ziren hemen eta, pixkanaka, beste ekoizpen jarduera batzuk sartu ziren, torlojugintzako tailerrak batik bat, eta horietako askok mende bat baino luzaroago eutsi zioten jarduerari.
Hemen, industria-ondare aberatsa aurkitzen dugu, industria eraikinez ez ezik etxebizitza multzoz ere osatua, Serafín Antxotegi deitzen dena adibidez, eta Alejandro Calonge, Sociedad Anónima Placencia de las Armas – SAPA enpresak bultzatua.