Altxorra larruazalaren azpian

Gernikako itsasadarraren ondoan kokatua, larrugintzako fabrika honek errota zahar baten instalazio hidraulikoak baliatu zituen makineriarik osoenarekin hornitutako enpresa moderno bat abian jartzeko.

2008an monumentu izendatua, Tenería Vascongada benetako bitxia da. Industria-ondareko elementu gutxiren kasuan dute edukiak eta edukiontziak oroitzapenak ekartzeko hain ahalmen handia.

Euskal Herrian parekorik ez duen adibidea, haren espazioa XX. mendearen hasieran diseinatu zen bezalaxe kontserbatzen da, eta larrua ontzeko prozesu nekeza oso ondo ulertzeko aukera ematen du.

ONDARE HIGIGARRIA

Tenería Vascongada

Ondare higigarria

Ondare higigarria

Zurrategi honetan, energiaren erabilera optimizatzeko sistema bertikal bat dago; hori lortzeko, polea eta entokadura bidezko sistema landua erabiltzen zen.

Kontserbatutako makinetako asko Badalonako Establecimiento Mecánico SA etxeak (EMSA) saldu zituen (lehen Bacàs y Cía zena). Makineria benetako altxorra da, eta aukera ematen du gure lurraldean gutxi ezagutzen den industria-jarduera horren ekoizpen-prozesu osoa ikusteko.

Erriberako edo pikelatzeko ontzia

Itsasoko gatza eta azidoa erabiliz, larruak aurrez tratatzen dituen makina. Larruak pikelatu ondoren, askoz ere azkarrago ontzen dira, eta larru-gaina leun-leun mantentzen da, zartatu gabe. Ontzian, larrua pH jakin batean prestatzen da.

Haizagailudun bi upel, beren uhal-sistemarekin, entokadurarekin eta motor erantsiarekin.

Larru-zatiak harrizko pilare laukizuzenetan jartzen dira, eta motor batek bultzatuta biratzen duten egurrezko hegal batzuen bidez astintzen dira.

Larrua ontzeko lau ontzi

Simon Basterretxeak egin zituen, Gernikako itsasertzeko arotzak. Gaztainondoz egindako ontziak dira, eta dituzten engranajeek larrua mugiarazten dute, larru onduak lortzeko. Ontzi bakoitzak mekanismo berezi bat du eta, horren bidez, alderantzikatze-mugimendu automatiko bat egiten du; hala, alde batera bira-kopuru jakin bat eman ondoren, biraketaren norabidea aldatzen da. Mekanismo horren egituraketa dela-eta, maiztasuna nahi den erara alda daiteke. Barne-osagarriak metalezkoak dira. Upelari eusten dion zuhaitza hutsik dago barrutik eta aukera ematen du ondu beharreko gaiak alde batetik eta ura bestetik sartzeko. Mugimendua burdinazko koroa horzdun baten bidez helarazten da; koroak zenbait sektore ditu eta gurpil horzdun batek eragiten dio. Garai bateko entokadura eta poleetako batzuk kontserbatzen ditu. Gaur egun, motorren bidez jartzen da martxan.

Upel edo tina laukizuzena

Adreilu zarpiatuz egindako upela. Tanino-urez betetako esekidura-putzu bat da, eta han hasten da larruak ontzeko prozesua.

Mamia kentzeko makina

Makina Badalonako Bacàs y Cía etxekoa da, 1940an instalatua. Zilindro birakari bat dauka, zeinaren zilindroaren erdian xafla zorrotzak dauden, kontrako norabideko kiribiletan jarrita, V forman. Larrua taula erdi-zilindriko batean jartzen da, eta taula hori aizto birakariaren kontra mugitzen da.

Koipeztatzeko ontzia

Ontzi honek ziriak ditu barruan. Aire beroa berogailu independente batek hornitzen du, haizagailu batek airea xurgatzen du eta koipeztatze-eremura bultzatzen du, berogailuaren bitartez. Aire-korrontea uniformeki banatzen da ontziaren barruan, hondo bikoitz baten bitartez. Pila bidezko koipeztatzeak xurgapen erregularrago bat bermatzen du eta, gainera, koipe gehiago xurgatzen du. Larrua ontzeko erabiltzen denaz bestelakoa da, hau estuagoa baita eta diametro handiagoa baitu.

Arbastagailua edo higatzeko makina

1940an instalatu zuten eta Badalonako EMSA etxekoa da. Makina honek larrua leundu egiten du, nahi den lodiera lortu arte. Xafla helikoidalez osatutako danbor birakaria da; xafla horiek zilindroaren erdian daude, eta kontrako noranzkoa hartzen dute zilindroaren bi aldeetan, angelu ireki-irekiak osatuz. Larrua kautxuz egindako beste danbor baten gainean jartzen da, eta nahi adina hurbil daiteke xaflaz osaturiko danborrera.

Zatikatzeko makina

1940an instalatu zuten eta Badalonako EMSA etxekoa da. Makina honek larru-zati osoaren lodiera berdintzen du eta, behar izanez gero, bi orritan edo gehiagotan zatitzen du; hala, larru-gaina eta zolda bereizita erabil daitezke. Zatiketa hori laban baten bidez egiten da; labanak amaierarik gabeko zintaren itxura du eta horizontalean mugitzen da. Aurrean, garraio-funtzioa duten bi zilindro daude, eta horiek larrua bideratu eta garraiatu egiten dute, eta, aldi berean, xafla zorrotzaren aurka apur bat zanpatzen dute.

Xukatzeko makina

Mamia kentzeko makinaren antzekoa da, eta hegats helikoidaleko brontzezko zilindro bat dauka. Horretan larrua sartzen da, eta soberan duen ura xurgatzen zaio.

Galdara eta lehortegi artifizialaren instalazio osoa

Lehortegiari beroa ematen zion galdara.

1. SOLAIRUA

Baskula

Ontze-eremuan lehengaiak eta produktu amaituak pisatzeko baskula.

Azalerak neurtzeko makina

EMSA etxeko makina hau 1940an instalatu zuten, eta larruen azalera neurtzeko dago prestatua.

Makina honek disko eta eraztun batzuk ditu, elkarren ondoan jarrita, zeinak etengabe biraka aritzen diren, danbor garraiatzaile baten mugimenduari esker. Eraztunok larrua neurtzeko erabiltzen dira, eta, inguruan, diskotik apur bat irteten diren ziri txiki batzuk dituzte, zeinak diskoaren erdialdera bultzatzen diren larruarekin kontaktuan jartzen direnean. Larruak bultzatzen ez dituen ziriak zilindroan horretarako egindako zirrikituetatik igarotzen dira, eta zilindroak disko neurgailuetara transmititzen du mugimendua. Larrua ukitzen ez duen ziri bakoitza gurpil horzdun bateko bi hortzen artetik pasatzen da, eta gurpilak aurrera egiten du, bi hortz horien arteko tartearen angelu baliokidean. Gurpil horzdun bakoitzak torloju amaigabe bat du ardatzaren gainean, zeinak kontagailuko gurpil batekin kateatutako beste gurpil horzdun bat aktibatzen duen.

Gailu berezi batek neurtutako larruen azalera erregistratzen du, eta makinatik pasa diren larru-zatien kopurua ere jasotzen du.

Fardo-makina

Eskuz erabiltzeko makina honek elementu hauek ditu: egurrezko mahai handi bat, astoak eta larruekin fardoak egiteko metalezko mekanismo bat.

Pikorrak egiteko makina

Badalonako EMSA etxeko makina da, Bacàs y Cía enpresak banatua. Pikorrak egiteko, marra fin-finak dituen arrabol bat erabiltzen da, zeinak larru-gainari itxura zimurtsua ematen dion. Larru-gainari pikorrak egiteko, larruak bere baitan tolestu behar dira, larru-gaina barrurantz dutela, eta, ondoren, tolestura horren gainean presio apur bat egiten da, kortxozko tresna berezi bat erabiliz. Makina horrek bi danbor ditu, bata bestearen gainean jarrita, eta abiadura desberdinean biratzen dira.

Distira emateko bi makina

TURNER markako makina, EMSA Badalona etxeak banatua eta 1940an instalatua. Palanka-beso bat du, larrua ontzeko makinaren mugimendu analogokoa. Besoak pintza batzuk ditu bi muturretan, distira emateko erabiltzen den beirazko zilindroari eusteko; zilindro horrek atzera-aurrerako mugimendua egiten du. Gainean, oinarri elastiko bat du, zeina gehiago edo gutxiago igo daitekeen, presioa handitzeko edo txikitzeko.

Tenkatzeko eskuzko bi makina

Azkoitiko Industrias Juaristi etxeak egindako makinak. Makinok eskuzko makinaren mugimendu zabala ahalbidetzeko moduan kokatutako motor bati lotuta daude. Larru hezea mahai gainean jartzen da eta langileak larrua tenkatzen duen arrabola edo zilindro bat pasatzen du gainetik.

Tenkatzeko makina

Badalonako EMSA etxeak egindako makina. Metalezko arrabolak ditu, zeinak larruaren gainean presioa egiten duten, arraboletan sartzen den heinean.

Zuritzeko makina

Badalonako EMSA etxeak egina, 1940an. Larruaren barneko aldea lantzen duen lixagailu bat da; horretarako, esmerila duten danbor birakari batzuk baliatzen dira.

Tenkatzeko makina

Badalonako EMSA etxearen makina hau 1937koa da. 1940ko hamarkadan utzi zitzaion erabiltzeari. Taula handi bat dauka hainbat errailen gainean, zeinetan larrua jartzen zen. Gero, bira azkarreko zilindro bat pasatzen zen gainetik eta, hala, larrua taularen kontra zanpatzeaz gain, luzatu egiten zuen.

3. SOLAIRUA

Prentsa/zilindroa

Prentsa/zilindroa XX. mende hasierakoa da, eta larru-mailukatzea ordezkatzeko sortu zuten. Motor elektriko bidez aktibatutako arrabol bat da, eta larruaren gainean behar adinako presioa egiteko erabiltzen da. Zehazki, zapaten zolak egiteko erabiltzen zen. Zilindroaren lana uniformea eta azkarra da, eta ez ditu mailuaren eragozpenak. Altzairuzko edo fosforo-brontzezko nolabaiteko polea bat da, altzairurtuzko orga gogor baten gainean jarria, zeinak presio handi samarra egiten duen larruaren kontra. Polea edo zilindroa daraman orgak translazio-mugimendua jaso dezake, amaierarik gabeko torloju baten bidez.

Baskula

Lehengaiak eta produktu amaituak pisatzeko baskula, zeina lehen solairuan zegoen, hantxe zegoelako errematatzeko eremua.