Ehun urte baino gehiagoko enpresa

Talleres de Guernica 1916an sortu zuen bazkide talde batek, haien artean parte-hartze handiena Gandarias familiak zeukala. Hasieratik espezializatu zen makineriaren fabrikazioan, batez ere tornurako platerak, baina ehun urtetik gorako historian askotariko elementuak diseinatu eta ekoitzi ditu: izotza hausteko makinak, oliba-hezurrak ateratzekoak, ilar-aletzaileak, gerrako materiala, nekazaritzako materiala, argazki makinak, barauts bereziak eta askotariko makina-erreminta.

Haren kokapenerako ondo komunikatutako lursailak aukeratu zituzten Zornotza-Bermeo trenbidearen ondoan (hain zuzen ere, fabrikak geraleku propioa ere izan zuen), aurretik industria garrantzitsuak kokatuta zeuden lekuan.

Instalazioak eraikitzeko, Ricardo Bastida arkitektoaren parte-hartzea izan zuten; bulegoen eta makina-erremintaren eraikinak diseinatu zituen, sutegiaren eraikina, modeloena eta hainbat gune laguntzaile.

Multzoaren ezaugarri da espazioen banaketaren arrazionaltasuna eta dekorazio neurritsua konbinatzen dituen arkitektura zaindua, oso ohikoa XX. mendearen lehen hamarkadetan.

1968an, fabrikaren jabeek bulegoen eta makina-erremintaren eraikina saldu zioten Astra, Unceta y C.ª enpresari, zeinak aldameneko lursailak okupatzen zituen. Orduan beste eraikin bat altxatu zuten gune administratiboak hartzeko, zutabe zentral baten gainean eraikitako oinplano zirkularreko eraikin original bat, modernitate handiko estilo neurritsuz egina.

Gaur egun enpresak bere jardunean jarraitzen du TDG siglen azpian, garai bateko modeloen pabiloian, espezializazio handiko produktuen aukera eskainiz. Han museo txiki bat jarri da abian, sorreraren lehen mendeurrena gogora ekartzeko. Horrez gain, instalazioen ondoan langileentzako sustatu ziren etxebizitzetako batzuk kontserbatzen dira, Estanislao Segurola arkitektoak 1939an diseinatutakoak zehazki, euskal landa-arkitekturan inspiratutako estiloa duten etxeen multzo bat.