145 urte armagintzan

Sortu zen unean, fabrika hau Soraluzen ezarritako armagintzako lehen tailer modernoa izan zen. Jatorria Euscalduna fabrikan dauka, 1861ean eraikia Deba ibaiaren ertzean, gaur egun SAPAk hartzen dituen lursailetan. Remington fusilak fabrikatzera dedikatua, makineriarik berritzaileena zeukan eta Real Fábrica de Armas duela gutxi desagertuko langileetako askori eman zien lana.

1887tik aurrera, The Placencia de las Armas Company Limited enpresaren mendeko egin zen Euscalduna; Londresen zeukan enpresa horrek egoitza nagusia eta une hartan zeuden metraileta automatikoen fabrikatzaile garrantzitsuenetako bik osatzen zuten: Thorsten Nordenfelt eta Hiram Stevens Maxim; haien lekua sektorearen barruan Europan zegoen izenik garrantzitsuenetako beste batek hartuko zuen: Albert Vickers.

Fabrikak 2005era arte izan zuen sozietate-izena, Sociedad Anónima de Placencia de las Armas – SAPA, 1935ean sortu zen, Celedonio Noriega Ruiz, Gumersindo Rico González, José M.ª Rodríguez González, John Duncan Logie eta Alejandro Calonge Mottaren eskutik.

Instalazioek leku estu bat hartzen zuten Deba ibaiaren eta antzinako errepidearen artean, ahal zen gehiena baliatuz erabilgarri zegoen lursail murritz osoa: metalezko egitura zuten nabe gardenak kanoiak fabrikatzeko, hainbat solairuko eraikinak, hormigoi armatuz eraikiak, bulegoak, tailerrak eta tratamendu termikoen nabea hartzeko, guztiek osatzen dute arkitektura balioesteko aukera ematen duen eraikin multzo oso interesgarri bat, XX. mendearen hasieratik 1930eko hamarkadara arteko lanekin osatua.

2005ean abandonatu zuten fabrika, eta gaur egun hiriko irudirik esanguratsuenetako bat da. Eraikuntzen kalitateak eta haien antolaera eszenografikoak, gainera, bat egiten dute Soraluzeko arma-tradizioarekin, eta, gaur egun, jarduera historiko horren lekukotasunik onena dira.