Estilo arrazionalista aratza

Herri horretako S.A. Placencia de las Armas (SAPA) enpresak Soraluzeko (antzina Plasencia de las Armas) arma fabrika historikoan du jatorria.
1930eko hamarkadan, Andoainen tailer berri batzuk irekitzea erabaki zen, fabrika zentralaren laguntzaile izango zirenak. Jarduerak aterpe berriak eskatu zituen berehala, Luis Astiazaran arkitektoak 1942an diseinatuak eta Bazkardo auzoan ezarriak. Urteek aurrera egin ahala, multzoa instalazio sail bat izatera iritsi zen, lehen industria-eraikinetik hasi eta bata bestearen ondorengo handitzeekin jarraituta (horiek ere Astiazaranek sinatuak) hiru etxebizitza-blokeko bizileku batera iritsi arte, 1952an eraikia Eusebio Calonge eta José Busó arkitektoen proiektuari jarraituz.
Monumentu izendatua 2008az geroztik, EAEko industria-eraikin interesgarrienetako bat da, estilo arrazionalistarik aratzenaren barruan.