Mariano de Corral autoen eta bagoien fabrika – Amurrio Ferrocarril y Equipos

Enpresari, berritzaile eta asmatzaile trenbideen sektorean

Amurriora aldatu zenerako, 1924an, tradizio industrial handia zeukan Mariano de Corral e Hijos enpresak, Bilboko Castaños auzoan 1892an sortutako fabrikan landutakoa. Handik Arabako esparru honetara aldatu ziren, hazkunderako espazio handiagoak izateko aukera emango zizkien orubeen bila, horri esker trenbideetako osagarrien ekoizpenari beste bultzada bat emateko.

Amurrion, lehengaien eta amaitutako produktuen trukea erraztuko zuen kokapen egokia aurkitu zuten, Bilbo-Tutera trenaren ibilbidearen ertzean.

1960ko hamarkadara arte trenbideetako osagarrien, upel-bagoien eta zisternen fabrikazioan espezializatu ziren. Lanik nabarmenen arteko bat Malla Harriko mearen zamalekuaren eraikuntza izan zen, Zarautzen. 1995az geroztik, Amurrio Ferrocarril y Equipos, S.A. izenpean egiten du lan enpresak. 1995az geroztik, Amurrio Ferrocarril y Equipos, S.A. izenpean egiten du lan enpresak.

Bagoi fabrika honetarako aukeratutako eraikuntza tipologia metalezko egitura duen nabearena izan zen, bi isuriko teilatuarekin edo zerra-hortz formako estalkiarekin (shed deritzona). Horietako batzuk frontoi lerronahasi eta mailakatuekin errematatzen dira, plastikotasun dekoratibo handikoak. Barnealdeko espazioa modu arrazionalean banatuta dago, langileak zein materiala bere zazpi pabiloietan zehar garraiatzea errazten duten komunikabide propioekin. Ekoizpen gunerako sarbidearen aurretik, lorategia dago, eta haren aurrean Corral familiaren etxebizitza izan zen eta gaur egun atezaindegia eta gune administratiboak aterpetzen dituen eraikina dago.