Parekorik ez duen funikularra
Funikularrak desnibel handiak gainditzeko erabiltzen diren ibilgailuak dira, horretarako meatzaritzako plano inklinatuetan inspiratutako sistema erabiliz. Euskal Herrian egindako gehienek xede turistikoa dute. Hala sortu ziren gure inguruko lehendabiziko biak: Igeldo mendikoa, Donostian (1912) eta Artxandakoa, Bilbon (1915).
Larreinetakoa, aldiz, 1926an sortu zen Trapagarango meatzaritza-biztanleria ugariari zerbitzua emateko, zuten komunikabide bakarra mando-bide bihurri bat baitzen. Egin zen garaitik XXI. mendearen hasiera arte, espainiar estatuko luzeena izan zen, 1.179 metroko luzerarekin.
Horrez gain, bakan egiten duen bitxitasun bat dauka: bidaiarien kutxak desmuntagarriak dira, halako moldez non kabina bakoitzeko plataforma horizontala irekita gera daitekeen eta ibilgailuak garraiatzeko erabili.
Urte askoan, zamako kamioiak, ikatz-kamioiak eta are hileta-autoak ere zamatu dira hemen.
Gaur egun lanean jarraitzen du, ia egunero darabiltenen ohiko paisaiaren parte eginda. 2014an monumentu izendatua, gure industria-ondarearen bitxia da, erabiltzen jarraitu beharrekoa.