Hennebique etxearen irin-fabrika bat Bilboren bihotzean
Irinaren inguruko negozio hau 1871n abiatu bazen ere, gaur egungo eraikina 1899an sortua da, Ugalde familiaren enpresa-bultzadaren ondorioz; garai hartan modernoa eta berritzailea zen eraikuntza teknika baten aldeko apustua egin zuen: hormigoi armatua. Material horrek fabrika suteen aurrean sendoagoa izatea ahalbidetzen zuen eta, aldi berean, ehotze-makineria aterpetzeko espazio malguz hornitzen zuen.
La Ceres da, hain zuzen ere, espainiar estatuan hormigoi armatuz eraikitako lehendabiziko eraikina eta Eusko Jaurlaritzak 1998an izendatu zuen monumentu.
Haren arkitektoak, Federico de Ugaldek, Hennebique sistema hautatu zuen; urte batzuk lehenago beste irin-fabrika baten berreraikuntzaz arduratu zen enpresa frantsesa zen Hennebique. Eraikinak laster utzi zuen bere ekoizpen-zeregina, eta biltegietarako erabili zen lehenik eta zenbait tailer eta negoziotan banatu zen gero. Horren ondorioz, hainbat eraldaketa izan zituen, solairu bat gehitu zitzaion eta jatorrizko estaldura inklinatua galdu zuen. Monumentu izendatu ondoren, birgaitu egin zen etxebizitza moduan erabiltzeko, Iñaki Aurrekoetxea arkitektoaren proiektuari jarraituz, eta neurri batean jatorrizko itxura berreskuratu zuen, Federico de Ugaldek 1899an diseinatutakoaren antzeko teilatu mantsardadunarekin.