Grumeran mendilerroko mendi historikoetako burdina
Erdi Aroaz geroztik, Grumeran mendilerroa burdin mearen erauzketako gune izan da, inguru honetan mendiko burdinola asko izateak erakusten duen moduan. Baina XIX. mendearen amaieran meatzaritza-indusketa hegoalderantz zabaldu zen, Galdamesko mendietara, Magdalena eta La Elvira deitzen diren guneetan, Galdamesko San Pedrotik gertuagokoak.
Meatze hauetan erauzketa lur azpian egiten zen, eta ez, Zugaztietan, Gallartan eta Muskizen bezala, aire zabalean.
Meatze kontzesiorik gehienek beren eraldatze gune propioak zeuzkaten, hala nola garbitokiak eta dekantazio-putzuak, eta barne garraioko guneak, hala nola arrastatze-bideak, zamalekuak eta plano inklinatuak. Plano horien bidez, funikularrenaren antzekoa den sistema batez, mea Galdamesko Trenaren zabaldegira eramaten zen. Handik Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren ertzean kokatutako zamalekuetara eramaten zen, «Galdamesko dartsena» deritzon gunean (Sestao), gero itsasontziratu eta, batez ere, Britainia Handira eramateko.
Inguru horretako azken ustiategia El Sauco meatzaritza-esparrua izan zen, Galdamesko mendien alderik altuenean kokatua, zeinak Dolores, San Juan eta Pepita meatzeak zeuzkan, besteak beste. Esparru honetako mea plano inklinatu bidez garraiatzen zen La Cadenillatik El Once meatzaritza-kairaino, Abanto-Zierbenan, eta gero Galdamesko trenaren bagonetetan zamatzen zen.
Ehunka lagun iritsi ziren meatze hauetan lan egitera, eta horrek meatzari-auzoak eta -herrixkak sortzea eragin zuen, etxebizitzekin, alondegiarekin eta ermitarekin, Pietatearen Andre Maria adibidez, gaur egun mendi magaletik ikusgai.
Gaur egun, Magdalena, La Elvira eta El Sauco guneek lekuaren iragana gogora ekartzen duten meatzaritza-aztarna garrantzitsuak kontserbatzen dituzte.