Zurezko zutabeen basoa
Fertilizantes Españoles Sociedad Anónima – FESA enpresa Lutxana auzoan ezarri zen, Sociedad General de Industria y Comercio-ren ekimenez. Kokapen hori aukeratu zuten lur gaineko zein itsaso bidezko garraioa iristeko leku erraza zelako: trenbidearen eta Ibaizabal-Nerbioiren itsasadarreko kaien eta zamalekuen bidez, aise ekar zitekeen lehengaia urruneko lekuetatik, hala nola Asia eta Afrika.
Horrez gain, hiriguneetatik neurri batean bakartuta zegoen, eta elementu kimikoen ekoizpenera dedikatutako beste fabrika batzuetatik oso gertu. Bere ekoizpenaren ezaugarriek zehaztu zuten, hain zuzen ere, 1909 eta 1912 artean eraiki ziren instalazioen arkitektura. Ongarriak eta superfosfatoak egiteko lehengai funtsezkoa azido sulfurikoa denez, oso korrosiboa, ezinezkoa zen prozesu guztiak metalezko edo hormigoi armatuzko egitura zuten eraikinetan aterpetzea.
Horregatik eraiki ziren lerkin-pinuaren zurez egindako nabe handiak, oso egur trinko, gogor eta iraunkorra. Eraikuntza paregabea, monumentu izendatua 2002an.
1980ko hamarkadan Bartzelonako Ercros enpresarekin elkartu eta gero, fabrika lanean aritu zen 1992ra arte. Gaur egun, nabeak zerbitzu logistikoetarako biltegi gisa erabiltzen dira.