Formaren eta inguruaren artean

Gaur egun industria-kontzentrazio handia duen gune batean, euskal arkitekturaren panoramako multzo berezienetako bat aurkitzen dugu, 1970eko hamarkadan eraikia.

Juan M.ª Arrieta industria-ingeniariak diseinatua, Fagor Mueble enpresaren bulegoak eta pabiloiak eraikin multzo homogeneo moduan planteatzen dira, zeinean inguruko espazioak zinezko protagonismoa hartzen duen: inguruaren diseinuak, haren lorategiak, bidezidorrak eta aisialdi guneak fabrikaren funtsezko elementu moduan pentsatuta daude.

 

Ekoizpen plantaren eta bulegoen inguruan sortutako espazio urbanizatua dimentsio berri bat da euskal industria-arkitekturarentzat, enpresaren ekoizpen eta administrazio arlotik harago jota.

Arrietaren diseinua bere garaiko joera arkitektonikoekin lotuta dago, hainbat altueratan banatutako eraikuntza modular batekin. Horrez gain, aisialdi guneen aurreikuspena, terrazen bidez, eta multzoaren urbanizazio zaindua dira eraikin hau bakan egiten gehien laguntzen duten elementuak, eta bulegoen eraikina enpresaren erreferente ikoniko bihurtzen da.

Azken batean, Fagor Mueblen osotasun bat aurkitzen dugu, zeinaren zatiak modu organikoan ulertzen diren, batzuek zentzurik ez dutela besteak gabe. Hemen, arkitektura modularrak adierazkortasunik handiena lortzen du eta Euskal Herrian ezohikoa den kontzepzio baten lagin aparta da.