Bizkaiko Labe Garaietarako materiala
1947an sortua, Dolomitas del Norte Bizkaiko industriako labe metalurgikoetarako oinarrizko material erregogorra lortzera dedikatu zen, batez ere Bizkaiko Labe Garaietarako.
Haren kokapena Ranero mendigunearekiko gertutasunak erabaki zuen, gero aireko kableen bidez jaisten zen lehengaia eskuratzen baitzen han. Hain zuzen ere, erauzketa lan horietan ari zirela aurkitu zen Pozalaguako leize-zuloa, bere estalaktita bitxi paregabeekin.
Inguruko enpresa garrantzitsuenetako bat izan zenak 1990ean eten zuen ekoizpena. Data horretatik aurrera, haren instalazioen zati bat eraitsi zuten; bulegoa, tximinia (52 metroko altuerakoa) eta aireko tranbiaren deskargako makineria aterpetzen duen gorputza geratu ziren zutik. Azken hori da multzoaren elementurik berezkoena, industriarekin lotutako irudi zirraragarria ematen dioten hormigoizko silo ikusgarriekin.
Gaur egun deskargako solairuak kultura- eta museo-ekipamendu bat aterpetzen du, zeinak meatzaritza-sektoreak duen garrantziaren eta fabrika honek eskualdean izandako pisuaren berri ematen duen.
Dolomitas del Norte
Ondare higigarria
Dolomitas del Norte enpresaren aireko tranbia fabrika bera baino zaharragoa da, Trapagarango Mame meategiaren (Arboleda meatze-herrixkatik gertu) mekanismo berraprobetxatu bat baita.
Meatzaritza-ustiategi horretarako eraiki zuten 1929an, eta 1940ko hamarkadaren amaieran Karrantzako instalazioetarako erosi zuten. Horretarako, aldatu eta ingurune eta ibilbide berrira egokitu behar izan zuten.
Tranbiaren hariteria
Tranbiaren hariteria kable metaliko jarraitu edo amaigabe bakar bat erabiliz egin zen, etengabeko mugimenduan, eramate- eta trakzio-funtzioa aldi berean eginez.
Harrobiaren eta fabrikaren artean 2.888,4 metroko ibilbidea zuen, 281 metroko desnibela eta % 9,8ko batez besteko malda. Kablea 27 asto metalikoren artean zihoan; 2,50 eta 35 metro arteko altuera aldakorra eta elkarren artean 325 metrorainoko banaketa zuten.
Deskarga-geltokia
Deskarga-geltokira iristean, kablea goiko solairuan sartzen zen; han, baldeak banatzen ziren eta, bolante edo gida bidezko sistema baten bidez, tenkagailutik pasarazten ziren. Bolante edo kanbio-polea bat da, metalezko armazoi mugikor baten gainean dago eta plano inklinatu batean jarritako errail batzuen gainean irristatzen da. Bolantetik 9 t inguruko kontrapisu bat zegoen zintzilik, tenperatura-aldaketen, haizearen eta garraiatutako kargaren eraginez kablean sortutako tentsioa konpentsatzeko.
Baldeak hustu ondoren, bultzatu eta harrobirantz zihoan kableari lotzen zitzaizkion berriz.