Donostiatik mugarako trenbidearen zubia

Penintsula mailako sarea

1845 eta 1855 bitartean, Madril euskal probintziekin eta Frantziako mugarekin konektatzeko xedea zuten hainbat tren-proiektu egin ziren. 1856tik aurrera hasi zen Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España zeritzon linearen trenbidea, herritarrek «ferrocarril del Norte» («Norte trenbidea») deitutakoa.

Sare honen oinarrizko ardatza 633 km luze da eta 1864an amaitu zen, obrak hasi zirenetik zortzi urtera, Donostian linearen inaugurazio ofiziala eginda. Ibilbideak azpiegitura garrantzitsuak dauzka, hala nola Bidasoa ibaiaren gaineko harlangaitzezko zubia, Irunen, eta Ormaiztegiko zubibide ikusgarria.

Denborak aurrera egin ahala, konpainia hazi egin zen, harik eta 1941ean Estatuak bereganatu eta Red Nacional de Ferrocarriles Españoles – RENFEren barruan sartu zuen arte.