Eboluzionatzen duen tradizioa
Laudioko antzinako teila-fabrika izan zena Industrialdearen egoitza izateko berregokituta dago 1986az geroztik; euskal industria-ondarearentzat eredugarri eta aitzindari izan zen esku-hartze hura.
Juan Manuel de Urquijo y Urrutiak, Urquijoko bigarren markesak, 1905ean sortua, zeramika-lantegi honek eta haren tximinia garaiak Arabako teilagintzaren tradizioa ekartzen digute gogora.
Merkatuaren aldaketetara egokitzen asmatu zuen enpresa honek, eta zeramikazko produktuak eta erregogor industrialak egin zituen, harik eta 1946an itxi zen arte. Harrezkero, eta 1983ra arte, nabe hau Aceros de Llodiok erabili zuen bere prozesu metalurgikoetarako adreilu erregogorrak fabrikatzeko tailer laguntzaile moduan.
Kontserbatutako eraikinak buztina ehotzeko eta zeramikazko produktuak fabrikatzeko prozesuak aterpetzen zituen, batez ere adreiluak eta teilak. Tximinia, berriz, labeek sortutako keak ateratzeko erabiltzen zen: Hoffman motako lau instalazio zirkular zeuzkan, eta 160.000 pieza hartzeko ahalmena.
Gaur egun, bere metalezko egitura interesgarria kontserbatzen du eraikinak, metalezko euskarri soldatuekin konbinatzen diren burdinazko zutabe errematxatuetan oinarritua, 1986an egindako birgaitzearen ondorioz. Estaldurari ere eusten dio, fabrikaren barnealdea argitzeko aukera ematen zuen branka-argi korritu gisako goragune zentral batekin.
Jatorrizko makineriatik bi harriko errotak irauten du, garai batean buztina birrintzeko erabilia. Hori ere zaharberritu zuten 1986an, eta erakinaren kanpoaldean ezarri, industria honen jardueraren lekuko moduan.